Solarpunk Manifestu Bat (Euskera)

Solarpunk

Traducido por Gorka Julio

Azken hamar urte edo gehiagotan, jende askok idatzi du solarpunkari buruz. Bereziki, 2014az geroztik.

Hala ere, generoa ez dago oraindik argi definituta.

Solarpunk Manifestua pertsona askok solarpunkari buruz idatzitako ideien birmoldaketa sortzailea bat da. Ideia horiek Solarpunk: a reference guide-an, hemen, eta Adam Flynnen Solarpunk: Notes towards a Manifesto, hemen, aurki daitezke nagusiki.

Solarpunk Manifestu Bat

Solarpunka fikzio espekulatibo, arte, moda eta aktibismo mugimendu bat da, eta galdera hau erantzuten eta gorpuzten saiatzen da: «Nolakoa izango litzateke zibilizazio jasangarri bat eta nola irits gaitezke horretara?»

Solarpunkaren estetikak alderdi praktikoa eta edertasuna lotzen ditu, ongi diseinaturikoa berdearekin eta oparotasunarekin, argitsua eta koloretsua dena, lurtarrarekin eta solidoarekin.

Solarpunka utopikoa izan daiteke, baikorra besterik gabe, mundu hobe bat sortzera zuzendua egotea, baina inoiz ez da distopikoa. Gure mundua gero eta zurrunbilotsuago bihurtzen ari den honetan, konponbideak behar ditugu, ez ohartarazpenak bakarrik.

Erregai fosilik gabe aurrera egiteko irtenbideak. Benetako eskasia era bidezkoan kudeatzeko eta eskasia eta ugaritasun faltsuak elikatu beharrean oparotasuna partekatzeko. Gure artean eta partekatzen dugun planetarekin adeitsuago izateko.

Solarpunka, etorkizunaren ikuspegi bat da, probokazio gogoetatsu bat, bizitzeko modu bat eta etorkizun hori lortzeko proposamen errealisten multzo bat aldi berean.

  1. Solarpunk-ak gara baikortasuna kendu digutelako, eta berreskuratzen saiatzen ari gara.
  2. Solarpunk-ak gara, beste aukera bakarrak ukazioa edo etsipena direlako.
  3. Bere muinean, solarpunka gizadiak lor dezakeen onena irudikatzen duen etorkizunaren ikuspegia da: eskasiaren ondorengo mundua, hierarkiaren ondorengoa eta kapitalismoaren ondorengoa, non gizateria naturaren parte gisa ikusten den eta energia garbiek erregai fosilak ordezkatzen dituzten.
  4. Solarpunkeko «punkak« matxinadarekin, kontrakulturarekin, post-kapitalismoarekin, dekolonialismoarekin eta gogo biziarekin du zerikusia. Gero eta kezkarragiago den ohiko bidea ez den beste norabide batean joatearekin du zerikusia.
  5. Solarpunka mugimendu bat zein genero bat da: ez du soilik istorioekin zerikusia, baita horiek gauzatzeko moduarekin ere.
  6. Solarpunkak taktika ugari hartzen ditu: ez dago solarpunk egiteko modu egokirik. Izan ere, mundu osoko hainbat komunitatek izena eta ideiak hartu eta autoeratutako nitxoak eraikitzen dituzte.
  7. Solarpunkak perspektiba berri baliotsu bat, paradigma bat eta hiztegi bat ematen dizkigu, etorkizun posible bat deskribatzeko. Retrofuturismoa besarkatu beharrean, etorkizunari begiratzen dio erabat solarpunkak. Ez etorkizun alternatibo bati, baizik eta etorkizun posible bati.
  8. Gure futurismoa ez da ziberpunkarena bezalako nihilista, eta steampunkaren joera potentzialki erreakzionarioak saihesten ditu: inozentziarekin, sorkuntzarekin, independentziarekin eta komunitatearekin du zerikusia.
  9. Solarpunkak ingurumenaren iraunkortasuna eta justizia soziala nabarmentzen ditu.
  10. Solarpunkak oraintxe bertan gure bizitzarik zoragarriena egiteko moduak aurkitzearekin du zerikusia, baita atzetik datozen belaunaldiena ere.
  11. Gure etorkizunak lehendik daukaguna berrerabiltzea dakar, eta, behar izanez gero, eraldatzea, beste erabilera bat emateko. Imajinatu “hiri adimendunak” baztertzea herritartasun adimendunaren mesedetan.
  12. Solarpunkak politikak eta zientzia fikzioak bata bestean izan duten eragin historikoa aitortzen du.
  13. Solarpunkak zientzia fikzioa denbora-pasa soil gisa ez ezik, aktibismo modu gisa ere onartzen du.
  14. Solarpunkak hilzorian dagoen lur baten agertokien, aberatsen eta pobreen arteko arrakala gaindiezinaren eta korporazioek kontrolatutako jendarte baten aurka egin nahi du. Ez ehunka urtetan, oraintxe bertan baizik.
  15. Solarpunkak gazteriaren ekile kulturarekin du zerikusia, tokian tokiko soluzio eta sare energetikoekin, funtzionatzen duten sistema autonomoak sortzeko moduekin. Mundua maitatzearekin du zerikusia.
  16. Solarpunk kulturak barne hartzen ditu kultura, erlijio, trebetasun, sexu, genero eta sexu identitate guztiak.
  17. Solarpunka tolerantzia hutsa ez ezik, erruki eta onarpen osoagoa ere besarkatzen duen bilakaera soziala lortzen duen gizateriaren ideia da.
  18. Solarpunkaren estetika bisuala irekia da eta eboluzionatuz doa. Une honetan, honako hauek nahasten dira:
    1. Bela nabigazioa eta 1800. urteko mugaren mitoaren estiloko bizimodua (baina bizikleta gehiagorekin).
    2. Lehendik dagoen azpiegituraren berrerabilpen sortzailea (batzuetan post-apokaliptikoa, batzuetan garaikide-arraroa).
    3. Teknologia egokia.
    4. Art Nouveau.
    5. Hayao Miyazaki.
    6. Jugaad estiloko berrikuntzak mendebaldekoak ez diren herrialdeetatik.
    7. Teknologia altuko backend-ak , emaitza erraz eta dotoreekin.
  19. Solarpunkaren ingurune eraikiak hirigintza berriaren edo oinezkoentzat pentsatutako printzipioetan eta ingurumenaren iraunkortasunean inspiratuta daude.
  20. Solarpunkak, modu sortzailean eraikitako giro bat sortzen du, besteak beste, eguzki irabazia teknologia ezberdinak erabiliz aprobetxatzeko. Autosufizientzia eta bizitza sustatzea da helburua, muga naturalen barruan.
  21. Solarpunkean gure planetaren suntsipen geldoa geldiarazteko ia berandu gelditu gara. Zientzia zentzuz erabiltzen ikasi dugu, gure planetaren parte gisa gure bizi-baldintzak hobetzeko. Jada ez gara nagusi gorenak. Zaintzaileak gara. Lorezainak gara.
  22. Solarpunka:
    1. Anitza da.
    2. Espiritualtasuna eta zientzia elkarrekin egoteko lekua du.
    3. Ederra da.
    4. Oraintxe gerta daiteke.

Solarpunk komunitatea

Creative Commons lizentzia
lan hau Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 4.0 Nazioartekoa lizentzia baten mende dago.